Jose Andresek, World Central Kitchen (WCK) erakundearen bidez, inoiz ez bezala mobilizatu ditu sukaldaritza munduko profesionalak, eta mobilizazio horretan erabakigarria izan da tokiko lidergoekin batera lankidetzan eta kosorkuntzan jardun izana. WCK-k paper garrantzitsua bete du larrialdi egoera desberdinetan; horietan bat, COVID-19arena. Martxoan pandemia gogor jotzen hasi zenetik, Jose Andresek World Central Kitchen aktibatu zuen, ez bakarrik Estatu Batuetako hirietan, baita Espainian ere. Pandemiak iraun duen bitartean, bistan da erakundea hazi egin dela, eboluzionatuz joan dela eta sukaldarien arteko lankidetzarako gune global bat bilakatu dela. Horrek inoiz ez bezala sendotu du sukaldaritzatik abiatutako kohesioa, dinamizazioa eta laguntzaren antolaketa.
Ameriketako Estatu Batuetan jatetxe kate zabal bat daukan sukaldari asturiar honek dioenez, “sukaldaritzaren sektorean lan egiten dutenek bakarrik lagundu dezakete ekonomia suspertzen, komunitateak berreraikitzen diren bitartean”. WCK duela hamar urte sortu zen, herrialde ugaritan esku hartu du eta mundu guztiko milaka boluntario eta sukaldari mobilizatu ditu.
Gainera, chefak urteak daramatza migrazio erreformak eta lan hobekuntzak sustatzen jatetxeen sektorean, sukaldaritza aldaketa sozialaren eragile izan daitekeelakoan.